C.D.Hernaniko pilotarien emaitza onak asteburu honetan, une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. Emaitza orokorra txarra izan den arren, 11 garaipen eta 16 porrot, jardunaldia positibotzat jo behar da, hiru hitzordu garrantzitsuenetako bi irabazi direlako. Hauek izan dira emaitzarik garrantzitsuenak :
ZARAMAGA TXAPELKETA : Emaitzarik onena Oier Arsuaga alebinak lortu zuen, Gazteizen jokatzen den txapelketa ospetsu honetako txapelak irabaziz, Imanol Ormazabalek (Mundarro) lagunduta. 18-6 irabazi zuten finala Ibarzabal-Odiaga bizkaitarren aurka, partida bikaina jokatuz eta jokatu duten txapelketari onari amaiera bikaina emanez.
Hau da, denboraldi honetan, C.D.Hernaniko pilotariek irabazten duten 13º txapela.
HERRI ARTEKO TXAPELKETA : Hernaniko pilotariek 2-1 irabazi zioten Andoaingoari, final-laurdenetako itzulerako kanporaketan. Kanporaketa 4-2 irabazten amaitu dute eta finalerdiak jokatzeko sailkatu dira 10 urtez lortu gabe egon ondoren. Finalerdia Oiartzunen aurka jokatuko dute, oso kanporaketa zailean eta inoiz baino beharrezkoagoa izango da gure jarraitzaile guztien animoak entzutea, Oiartzun aurtengo txapelak irabazteko faborito nagusia da.
Kadeteetan Xuban Iturbek eta Oier Azpeitiak 22-19 irabazi zuten Uria-Salvadorren aurka, jubeniletan Jon Jarak eta Oier Alegriak 22-13 galdu zuten Gaztañaga-Belokin aurka eta seniorretan Xabier Salaberriak eta Markel Lizeagak 22-7 irabazi zuten
Eskudero II-Usandizagaren aurka.
BERRIA TXAPELKETA : C.D.Hernaniko pilotariek ezer gutxi egin zuten kluben arteko txapelketa entzutetsu honetako final-laurdenetako kanporaketan eta Oberena (Iruñea) taldeak garaitu egin zituen. Gure pilotarien parte-hartzea txapelketa honetan ontzat jo behar da, kanporaketa bat irabazi dute eta datorren urteko txapelketarako zerrendaburu izatea lortu dute berriro, afizionatu mailako 8 klub onenen artean egotea lorpen garrantzitsua da.
Kadeteetan Xuban Iturbek eta Oier Azpeitiak 22-3 galdu zuten Sanchez-Santestebanen aurka, jubeniletan Jon Jarak eta Unai Etxarrik 22-7 galdu zuten Sarasibar-Balerdiren aurka eta seniorretan Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak 22-9 galdu zuten Mata-Aldaberen aurka.
No hay comentarios:
Publicar un comentario