lunes, 16 de abril de 2018

XV. Berria Txapelketa 2018



Esku pilotaren egutegian gero eta garrantzi handiagoa edukirik, indarrez eta kalitatez josirik dator aurten ere XV. Berria Txapelketa. Euskal Herriko hogei pilota elkarte onenek parte hartuko dute. Besteak beste, Gipuzkoak zortzi ordezkaritza izango ditu, Nafarroak bost, Bizkaiak lau, Arabak bi eta Iparraldeak bat. Bada, iaz estreinakoz egin bezala, aurten ere ez da fitxaketarik onartuko, eta kanporaketa guztietan klubek aurkeztuko dituzten pilotariek elkarteko lizentzia eduki beharko dute. Hala, antolatzaileen arabera, klubetako lanari emango dio saria txapelketak. Datorren asteburuan abiatuko da, eta ekainaren 23an amaituko, Hernanin (Gipuzkoa), San Joan jaien egitarauaren barruan.

Txapelketaren aurkezpen ekitaldia atzo egin zuten, Astigarragako Petritegi sagardotegian —hura da txapelketaren babeslea bigarren urtez jarraian—. Bertan batu ziren klubetako ordezkariak, eta, ororen gainetik, bi elkarteren izenak atera ziren ahotara: Azpeitiko Ilunperena eta Usurbilgo Pagazperena. Azken hori da iazko txapelduna. Gipuzkoako bi elkarteek talde indartsuak plazaratuko dituzte, baina izango dira ezustea emateko gai diren beste batzuk ere. Besteak beste, Tolosa, Oberena Iruñekoa, Lazkao eta Erreka Doneztebekoa izango dira kontuan hartu beharrekoak. Txapelketari hasiera emateko, bi kanporaketa jokatuko dira datorren asteburuan: Danok Lagunak Ortuellakoa eta Azkoitia, batetik, eta Txukun Lakua Gasteizkoa eta Zugarralde Burlatakoa, bestetik.

Sari handiak

Txapelketari dagokionez, kanporaketa sistema erabiliko da, eta bi partida irabazten dituen taldeak egingo du aurrera. Eginiko tanto kopurua ere aintzat hartuko da, baldin eta talde berberak lehen bi partidak irabazten baditu. Partidak Hernanin eta Andoainen jokatuko dira, baita Iparraldean ere. Hori bai, inork jaialdirik erosi nahiko balu, aukera hori du 300 euroren truke.

Sariei dagokienez, irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelaz eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa. Final-laurdenetan kanporatzen direnek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.










No hay comentarios:

Publicar un comentario